XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Arretaz segitutako prozesua

Luis Moreno eta Raquel Garciaren kasuak oihartzuna izan du Belgikako prentsan

Luis Morenoren eta Raquel Garciaren estradizioen inguruan Estatu Kontseiluko auditoreak hartu duen jarreraren inguruan antzerako irakurketa egin zuten atzo Belgikako egunkari nagusiek.

Kontseiluak ez dituela ez delitu larrien egiletzat, ez terroristatzat jo ondorioztatu dute gaiari arreta handirik eskaini ez dioten egunkari frankofonoek.

Berriemale berezia

Pantxike Agirre / Brusela

LE SOIR eta La Libre Belgique egunkariek, orain arte ez bezala, leku nabarmena eman zioten atzo estradizioen gaiari.

Herenegun Luis Morenoren eta Raquel Garciaren estradizioa bertan behera geratzeko eskatu zuen Estatu Kontseiluko auditoreak, ez duelako uste Justizia ministroak hartutako erabakiak oinarri juridikorik duenik.

Euskal herritarrak: estradi-zioari ez? galdetzen zuen La Libre Belgiquek lehen orrialdeko titularrean.

Barruan, Luis Morenoren eta Raquel Garciaren estradizio prozesuak lau urte daramatzala zabalik gogoratu zuen titularrean.

Bikote honen zoria eskubideen errespetuari ala errealismo politikoari lotua dago?, zioen azpititularrean.

ETAko kideei babesa emateaz akusatutako bi gazteen kasuak antzerki itxura ere hartzen ari dela iritzi zion aipatu egunkariak.

1992an Guardia Zibilak Bizkaia komandoa atxilotu eta Morenok eta Garciak Belgikara ihes egin zutenetik kasuak izan duen bilakaera azaldu zuen.

Notiziaren lagungarri gisa, Luis Morenoren amak eta lagun batek Estatu Kontseiluko egoitza utzi zuteneko argazkia jaso zuen.

Atzeratzea euskal militanteentzat.

Estatu Kontseiluko auditorearen arabera ez dira terroristak titularra eraman zuen lehen orrialdera Le Soir egunkariak.

Ondoan Luis Morenoren eta Raquel Garciaren argazkiak atera zituen, eta barruan estradizio itunen inguruko komentario zabala jaso zuen.

Egungo gobernuen arteko estradizio itunak delitu ekintza larrietarako direla zioen, eta delitua bi herrialdeetan egindakoa behar duela izan estradizioa justifikatzeko.

Gainera, herrialde bakoitza burujabe dela bere erabakia har-tzeko zioen Le Soir-en komentarioak.

Bi herrialdeen artean estradizio itun bat badago, pentsatzekoa da estradizioa onartzera doan herrialdeak bere erabakia justifikatuko duela, nazioartean agerian uzten ari delako bere erantzukizuna eta sinesgarritasuna.

Arrazoi politikoak tarteko, ez dago estradizio itunik erabakita, ohartarazten zuen aipatu egunkariak.

Estatu Kontseiluaren ebazpenaren zain

Luis Morenoren eta Raquel Garciaren estradizioaren inguruan Estatu Kontseiluko presidenteak emango du hurrengo egunotan bere ebazpena.

Auditorearen jarrera berretsi egin izaten du presidenteak; hala zioten atzo prentsak eta bi errefuxiatuen defentsak.

Dena den, bestelako iritzia ager dezake eta aukera hori ez dela baztertu behar zioen Marlene Van Louwe abokatuak.

Gainera, Belgikako Justizia ministroak ez du erabakia aintzat hartzeko betebeharra, eta estradizioak gauzatzeko agindua eman dezake.

Hori dela eta, Strasburgeko Auzitegira jo zuen defentsak azken erabakia hartzen ez den bitartean estradizioak eten nahian.

Estatu Kontseiluak bere ebazpena ematen ez duen bitartean ez duela auzian parte hartuko erantzun du Strasburgeko Auzitegiak.